Indesa 2010 enplegu zentro bereziak euskara sustatzeko eta erabiltzeko konpromisoa hartu du

Zentroko langileek "Arbuluko adierazpena"irakurri dute, non berresten duten hizkuntza berdintasunarekiko eta euskara ikasteko eskubidearekiko konpromisoa, gizarteratzeko eta laneratzeko tresna gisa

Indesa 2010 enplegu zentro bereziko langileek ekitaldi bat egin dute euskara sustatzeko eta erabiltzeko konpromisoa, eta laneratzeko tresna gisa hizkuntza ikasteko eskubidea erakusteko. Horretarako, "Arbuluko adierazpena" izeneko dokumentua irakurri dute. Dokumentu horretan, Euskararen Kudeaketa Linguistikoa Hobetzeko 2022-2025 Planaren barruan enplegu zentro berezian garatzen diren bost estrategia nagusiak zehazten dira.
Indesa 2010 Arabako Foru Aldundiak irabazteko xederik gabeko enplegu zentro berezi gisa eratutako sozietate publiko bat da. Desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa emateko sortu zen, pertsona horiek erabat laneratzeko eta gizarteratzeko. Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzuetan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan, sektore publikoari zein enpresa pribatuari erantzuteko. Indesan 900 langile daude, eta horietatik % 90ek % 33ko desgaitasuna edo handiagoa dute.

Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko jarduneko foru diputatuak, Lexuri Ugarte Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak eta José Luis Alonso Quilchano Indesako zuzendari kudeatzaileak lagunduta, langileek adierazpena irakurri dute enplegu zentroak Arbulun duen nekazaritza ustiategian. Han, Indesaren lantegi eta lantoki guztietan zabaltzen ari diren euskarazko eta gaztelaniazko seinale berriak ikus daitezke, baita konpromiso hori identifikatzen duen logotipoa ere.

Begoña Ozaetak eta Aitor Zalbidek, Indesako langileek, adierazpena irakurri dute. Harekin Indesak konpromisoa hartu du "erabiltzailearekin harreman zuzena duten zerbitzuetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatzeko eta, horrela, kalitatezko arreta eta zerbitzua bermatzeko". Era berean, adierazi du prest dagoela "bultzatzeko euskararen presentzia lan eremuan, euskara ikastea gizarteratzeko eta laneratzeko tresna gisa, eta euskara erabiltzea hala nahi duten langileen artean".

Euskara Plana ezarri bitartean, Indesak bost estrategia garatuko ditu. Lehenengoa izan zen maiatzaren 5ean abian jartzea hizkuntza kudeaketa hobetzeko lantalde bat, Arabako Foru Aldundiaren irizpideak beteko dituena.

Lantalde horrek irizpideak onetsi ditu errotulazioei, argitalpenei, web orriko edukiari, lanarekin lotutako hizkuntza paisaiari edo komunikazio tresnei buruz. Egindako lehenengo ekintzetako bat izan da Indesa Xedera sarean inskribatzea. Sare horren helburua da sozietate publikoetan hizkuntza normalizazioa sustatzea, erakunde horien arteko harremanak eta elkarrekiko ikaskuntza sustatzea, gai komunak lantzeko jardunaldiak antolatuz, eta jardunbide egokiak partekatzea.

Garatu beharreko beste estrategia batzuk honako hauek dira: euskarak hizkuntza paisaian eta lanean erabilitako dokumentazioan duen presentzia sustatzea, bulego nagusia arreta elebiduneko gune bat izateko neurriak abian jartzea, eta euskara ikasten laguntzea, gizarteratzeko eta laneratzeko eta enpresaren erantzukizun sozialeko tresna gisa.

Azkenik, Indesak elebidunen eta erakundearen oinarrizko ulermen maila dutenen artean euskararen erabilera sarea eta praktikak sortzeko jarduerak antolatuko ditu, baita beste ekimen batzuk ere, hala nola langileen parte hartzea sustatzea Euskaraldian.