gatza-of-Añana-Indesa

Gatz Harana Fundazioak eta Indesa 2010ek akordio bat izenpetu dute lanerako zentro bereziko sukaldea iturburuko gatzez hornitzeko. Izan ere, sukalde horrek 1.400 jatordu prestatzen ditu egunero.

Gatz Harana Fundazioak eta Indesa 2010 sozietate publikoak hitzarmen bat izenpetu dute eta, horren ondorioz, zentro bereziaren sukaldeak Añanako gatza erabiliko du egunero prestatzen dituen 1.400 menuak ontzen. Uste da Indesa 2010en sukaldeak 800 kilo gatz inguru erabiliko dituela urtero. Iturburuko gatz mineral, natural eta ekologikoa da, ohiko teknikak erabiliz egina eta jasangarritasuna eta paisaiarekiko begirunea irizpide lortua.

Indesaren sukaldeak Arabako Foru Aldundiaren adinekoentzako eta ezinduentzako egoitzetako menuak prestatzen ditu, bai eta lanerako zentro gehienetakoak, Espejoko aterpetxekoak –Gazteriaren Foru Erakundearen mendekoa– eta Santa Maria Katedralaren Fundazioaren aterpetxekoak ere.

Indesak prestatutako menuen ezaugarri dira, ohiko errezetak erabiliz, tokiko gastronomia kultura sustatzea eta, talde bakoitzak behar dituen nutrizio beharren arabera, elikadura osasungarria eta orekatua bultzatzea. Ezaugarri dute, halaber, hurbileko eta sasoiko kalitatezko lehengaiak erabiltzea. Lehentasuna ematen zaie tokiko elikagai naturalei, bai eta ere sozietate publikoaren beraren Lorezaintza eta Baratzezaintza Arloko instalazioetan bildutakoei

Bestalde, Añanako Gatz Haraneko gatza Arabako gastronomia produktu bitxienetako bat da. Indesa 2010en sukaldean erabiltzen den iturburuko gatz minerala purutasun handiko gatz kristalez eratuta dago, lehengaiaren jatorriari eta lurruntze naturalari esker. Aberatsa mineral eta oligoelementuetan, elikagai mota guztien zaporea indartzen du.

Tokiko elikagaiak erabiltzea

Arabako Foru Aldundiak, Indesa 2010ek, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak eta Gazteriaren Foru Erakundeak eratutako lantaldearen elikagaien erosketa publikorako analisiaren emaitza da hitzarmen hori. Lantalde horrek beharrezko jo zuen tokiko elikagaiak eskuratzea erosketa publikoetan.

Hitzarmen horrek, halaber, bete egiten ditu Arabako Batzar Nagusien apirilaren 13ko 27/2016 Mozioan, tokiko elikagai osasungarrien sustapenari buruzkoan, xedatutakoak.