berri-irudi-and-web-Indesa

Ramiro González diputatu nagusia Indesa 2010 enplegurako zentro bereziko garbitegian izan da, non ehun langile baino gehiagok diharduen lanean. Sozietate publikoaren irudi korporatibo berria ezagutu du, eta webgunea ere estreinatu du berri zentroak: www.indesa2010.eus

Gasteiz, 2017ko azaroaren 10a. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak azaldu duenez, Indesa 2010 enplegurako zentro berezia “eraberritze prozesuan” sartuta dago bete-betean, eta horri esker sendotu egingo du sortu zenean, duela ia 40 urte, ezarritako helburua, hots, “Arabako ezinduak laneratzea”.

Horixe adierazi du gaur goizean, sozietate publiko horren Jundizko industrialdeko garbitegira egin duen bisitan, non, Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua eta Patxi Antón sozietateko zuzendari eta gerentea lagun zituela, instalazioak ikusi eta sozietatearen funtzionamendua ezagutu duen.

Indesa 2010 enplegurako zentro berezia Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailaren mendeko sozietatea da. 800 langile ditu eta horietatik ehuneko laurogeita hamarrek ezintasunen bat dauka. Ezindu horietatik 300 adimen ezinduak dira, 70ek buruko gaixotasun edo gaixotasun psikikoren bat dute, 300ek ezintasun fisikoren bat eta
60k zentzumenekoa.

Indesa 2010 enpresaren langile gehienek arlo hauetan dihardute: garbiketan, lorezaintzan, industrian, cateringean eta garbitegian. Gaur egun, ehun bat langilek lan egiten du garbitegian, non, aurten, 2.500 tona arropa inguru garbituko diren.
Diputatu nagusiak, bisitan, aukera izan du Indesa 2010 sozietatearen irudi korporatibo berria ezagutzeko ere. Hain zuzen, aspaldiko logotipoa eguneratu eta modernoago bat egin du, kolore anitzeko bumeran itxurakoa, eta bertan lan arlo guztiak bereizi dira, bakoitza kolore batez identifikatuz.

Eguneratze prozesu hori osatzeko, webgune korporatibo berria ere abian jarri du, www.indesa2010.eus, zeinak jarraibide batzuk betetzen baititu edukia eskuragarriago izan dezan ezindu gehiagok, baita itsuek edo ikusmen urritasuna dutenek, gorrek eta entzumen urritasuna dutenek, ikasteko urritasunak eta muga kognitiboak dituztenek eta mugikortasun mugatua dutenek ere, besteak beste.

Balio nagusia: pertsonak

Garbitegira egin duen bisitan, diputatu nagusiak instalazioen balioa nabarmendu du, zeinak duela lau urte inauguratu ziren. “Indesaren eraikinik sinbolikoena da, inbertsio handiena ekarri duelako baina, batez ere, hemen lan egiten duzuelako Indesako plantilla eratzen duten 800 langileetatik ehunek baino gehiagok”.

Horren harira, nabarmendu du zentroaren “balio nagusia” hura osatzen duten pertsonak direla, eta haietaz “harro” dagoela esan du. “Zuek, Indesako langileok, ematen diezue zentzua honi guztiari. Konpromisoa hartu duzue zentroa hazi dadin, baina konpromisoa hartu duzue zuen lana egunetik egunera hobeto eta baldintza hobeetan egiteko ere”, adierazi du Ramiro Gonzalezek.

“Ez dago benetako laneratzerik, eskainitako zerbitzuak ez badu kalitate homologaturik. Horixe ikusi dut nik gaur hemen: ekoizpen prozesua, lan egiten duten pertsonak, ikusten ditudan beste hainbat enpresetan ikusten dudan lan egiteko era bera. Lortuko da helburua”, gehitu du.

Arabako Foru Aldundiak Arabako ezinduak laneratzeko neurri oro babesten jarraituko duela adierazi du, eta Indesaren eraberritzea dagoeneko hasia delako uste osoa agertu du.