indesa-cafeteria-foronda

Zerbitzua prest egongo da aireportuan hegaldiak hasten direnean, eta bidaiarien hegaldiak abiatzeko ordutegiei lotuta izango da haren ordutegia ere

Gasteiz, 2018ko abuztuaren 2a. Gasteizko aireportuak badu gaurtik hasita oinarrizko zerbitzu bat erabiltzaileentzat, Arabarentzat funtsezkoa den azpiegitura batean: kafetegia, hain zuzen. Ekonomia Garapenaren Sailak, Indesa 2010 Foru Aldundiaren enplegu zentro bereziaren bitartez, ostalaritza zerbitzu hori eskainiko du aireportuan hegaldiak diren egun guztietan, diren erregularrak nahiz charterrak.

“Arabako Foru Aldundiak apustu argia egina du Gasteizko aireportuaren alde, eta egunetik egunera gero eta nabarmenagoak dira emaitzak”adierazi du Ramiro González, Arabako diputatu nagusiak, kafetegia ireki den egunean. “Euskal Autonomia Erkidegoko eta Arabako gainerako erakundeekin batera, VIAren bitartez, bidaiarien hegaldi erregularrak izateko oinarriak ezarri genituen, eta urtean 150.000 erabiltzaile izateko helburura iristeko bidean gara, eta, orain, beste urrats bat egingo dugu, gure lurraldera eta Euskadira sartzeko atea merezi dugun bezalakoa izan dadin”, adierazi du.

Gaurtik hasita, bidaiariek aukera izango dute kafetegira hurbiltzeko, Foru Aldundiak berritu egin duelarik zazpi urtean itxita egon ostean.

Kafetegia irekitzeko orduak kartel baten bidez adieraziko dira kafetegiaren atean bertan, eta, hasiera batean, Ryanair-ek aurreikusita dituen “irteerako" hegaldien araberakoak izango dira ordutegiak, bai eta aldian-aldian programatuko diren charter hegaldien araberakoak ere. Espero da ezen, jarduera areagotu ahala, kafetegiaren zerbitzu ordutegia ere zabalagotu egingo dela. Kafetegiak izango duen eskaintzan, tokiko kalitatezko produktuek ere izango dute beren tokia: Arabako Txakolinak, Arabako Errioxako ardoak, eta ospe zabaleko produktuak eskaintzen dituzten tokiko enpresek ere bai.

“Indesak desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko desafio berri honi ekiten dio bost pertsonako talde bati lanaldi osoko aukera emanez; izan ere, kafetegia ireki aurretik, kontratatu ostean, pertsona horiek bezeroei kafetegi zerbitzuko arreta emateko formazio espezifikoa hartzen jardun dira”,adierazi du organismoaren zuzendari Patxi Antonek.