Foru Aldundiaren zentro okupazionalen erabiltzaile diren Arabako 225 desgaituak LanAukera programaz baliatu ahal izango dira 2029. urtera arte. Haren helburua da Indesako lantokietan prestakuntza hobetzea eta enplegu aukerak indartzea. 60 pertsona inguruk parte hartuko dute urtero programa honetan, eta datorren urrian hasiko da. Helburua da ezen, programaren amaieran, 225 parte hartzaileetatik 125ek Indesan laneratzea lortu ahal izatea.
Zentro okupazionaletik enplegu zentro berezirako igarobidea errazteko, programa Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearekin (GOFE) lankidetzan antolatuko da. Foru erakundeko teknikariek hautatuko dituzte hautagaiak, zeinak orain zentro okupazionalaren erabiltzaileak baitira. Haiek, behin Indesako zentroetan daudenean, gaikuntza ekintzak garatuko dituzte lan prestatzaileen laguntzarekin, haien enplegagarritasuna sustatzeko.
Lankidetza prestakuntza sei hilabetekoa izango da gutxienez, eta, epe horretan, parte hartzaileak Indesako lantegi industrialetatik, ikuztegi industrialetik eta garbiketa eremutik igaroko dira. Aldi hori igaro ondoren, talde profesionalak baloratuko du ea lan kontratua egiten duen pertsona bakoitzarentzat egokia den lantokian ala prestakuntza luzatu behar den.
Indesak LanAukera-Promoción programan parte hartzen du, zeina Ehlabek (desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duten erakundeen euskal elkartea) aurkeztu baitzuen EAEko 2021-2027 aldirako Europako Gizarte Funts Plus (EGIF+) programaren proiektuak hautatzeko Lanbideren deialdiaren barruan.
Europako Gizarte Funts Plus programaren helburu nagusia da enplegu inklusiboa eta gizarte garapena sustatzea. Tresna horren bidez, Europar Batasunak bermatu nahi du pertsona guztiek, bereziki egoera ahulean daudenek, enplegu eta prestakuntza aukerak izango dituztela, gizartean erabat integratu ahal izateko.
2029ra arte, milioi bat euro baino gehiago bideratuko dira programa horretara; EGIF+ek % 40 finantzatuko du (313.757 euro); Indesak berak, berriz, gainerako % 60a ordainduko du (784.394 euro).
Indesak proiektu honetan parte hartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukera egokituak sortzen lan egiten du. Programa horren bidez, gainera, plantillak berritzea sustatu nahi da, langileen batez besteko adina murriztu ahal izateko.
Indesa sozietate bat da, administrazio publikoen partaidetza duena, hala nola Arabako Foru Aldundiarena (partaidetza handiena), eta irabazteko xederik gabeko enplegu zentro berezi gisa eratuta dago. Haren helburua da desgaitasuna duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko. Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu industria jardueretan eta zerbitzuetan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan, eta zerbitzua ematen du sektore publikoan zein enpresa pribatuetan. Indesak 900 langile inguru ditu, eta horietatik % 90ek desgaitasuna dute.
Gainera, Indesak lan estua egingo du beste toki erakunde eta entitate batzuekin, EGIF+en helburuak indartuko dituen laguntza eta lankidetza sare bat sortzeko. Lankidetza ikuspegi horrek ziurtatuko du proiektuaren onurak pertsona gehiagorengana zabalduko direla eta ahultasun egoera berezia dagoen kolektibo baten enplegagarritasuna eta gizarteratzea eta laneratzea hobetzen lagunduko dutela.