convenio-indesa-2010

Enplegu zentro bereziak eta enpresa batzordeak 2019ra arte indarrean egongo den hitzarmena izenpetu dute gaur goizean.

Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko toki erakundeen partaidetzako sozietatean 800 pertsonak egiten dute lan, eta horietatik % 90ek ezintasunen bat dute.

Gasteiz, 2017ko urriaren 20a. Indesa 2010 SL foru sozietate publikoak eta enpresa batzordeak gaur izenpetu dute 2019ra arte indarrean egongo den hitzarmen kolektibo berria, zeinak soldata igoerak, lan orduen murrizketa eta zenbait gizarte hobekuntza jasotzen dituen. Arabako Foru Aldundiaren –zatirik handiena– eta lurraldeko zenbait toki erakunderen partaidetzako sozietate horretan 800 pertsonak egiten dute lan, eta horietatik % 90ek ezintasunen bat dute.

Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu Marian Olabarrieta pozik agertu da enplegu zentro bereziaren zuzendaritzak eta langileen ordezkariek lortutako akordioarengatik, zeren eta berekin ekarriko baitu langileen lansariak eta lan kalitatea areagotzea eta beste zenbait gizarte hobekuntza.

Sindikatu ordezkariei negoziazioan egindako ahalegina eskertu ondoren, gizarte zerbitzuen buruak azpimarratu du akordio horrekin Arabako Foru Aldundiak agintaldi honetarako agindutako zenbait konpromiso betetzen dituela, hala nola, enplegatuen lan baldintzen hobekuntza eta Indesa 2010 enplegu zentro bereziaren sendotzea. “Oso akordio garrantzitsua da, norabide onean dihardugula adierazten duena, Araban sustraituta dagoen proiektu bat bultzatuz eta, ondorioz, ezintasunen bat duten pertsonen laneratzea sustatuz". Akordioak jasotzen du 2017ko ekitaldian soldatek legeak baimendutako igoerarik handiena (% 1) izango dutela, eta igoera hori 2018an eta 2019an Arabako Foru Aldundiak kontzeptu hori dela-eta aplikatuko duenari lotuko zaiola.

Akordioak jasotzen du 2017ko ekitaldian soldatek legeak baimendutako igoerarik handiena (% 1) izango dutela, eta igoera hori 2018an eta 2019an Arabako Foru Aldundiak kontzeptu hori dela-eta aplikatuko duenari lotuko zaiola.

Era berean, hobetu egingo du enpresak lanerako ezintasun iragankorrarengatik edo gaixotasun arruntarengatik ordaindutako osagarria, eta langile guztientzat ekoizpen ordainsari aldakorra eta errogarria zehaztuko du, zeinak ordezkatu eta hobetu egingo duen aurreko ordainsari ez errogarriaren kontzeptua.

Lanaldia eta gizarte hobekuntzak

Indesa 2010 enplegu zentro bereziaren hitzarmen kolektibo berriak aurreikusten du aurten 10 ordu murriztea urteko lanaldia, datorren urtean 15 eta hurrengoan, alegia, 2019an, 18 ordu murriztea, bai eta 2018tik aurrera norbere gauzetarako bi egun gehiago izatea ere.

Hitzarmen kolektibo berriak jasotzen dituen gizarte hobekuntzei dagokienez, nabarmentzekoa da lehen aldiz izango dutela Indesa 2010 enpresaren langileek bizi-eta istripu-asegurua, bai eta langileentzat berentzat eta haien seme-alabentzat ikasketa beka eta laguntza sistema bat ere.

Indesa 2010 enplegu zentro berezi bat da, helbururik garrantzitsuena Arabako ezinduentzat kalitatezko lan aukera iraunkorrak sortzea duena, laneratzea eta gizarteratzea lortzeko bide gisa. Une honetan Indesan lan egiten duten gehienak gorputz, adimen edo buru ezinduak dira. Indesa 2010 enpresaren langile gehienek arlo hauetan dihardute: industria, garbiketa, lorezaintza, garbitegi industriala eta otordu-zerbitzua.