Partizipazioak besterentzeak enplegurako zentro berezia EAEko Administrazio Orokorreko berezko baliabidetzat jotzea ekarriko du, eta bi erakundeek Batzar Nagusian eta Administrazio Kontseiluan parte hartuko dute

Gasteiz, 2018ko irailaren 18a. Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzari eta Vitoria-Gasteizko Udalari Indesa 2010 SL sozietatearen partizipazioak besterentzea; era horretan, bi erakundeek enplegu zentro bereziarekiko konpromisoa eta elkarlana indartuko dute, eta horrek sozietate publikoa sendotzen lagunduko du.

Indesa 2010 sozietatearen xedea da dibertsitate funtzionala duten pertsonak lanean integratzea. 800 langile baino gehiago ditu, eta horietatik % 92 desgaitasunen bat duten pertsonak dira. Enplegu zentro berezia honako arlo hauetan jarduten da: garbiketa, lorategiak zaintzea, industria, cateringa eta arropa-garbiketa. Horrez gain, seigarren arlo bat ere badu, non jarduera berriak jartzen diren martxan, besteak beste, Laguntza Teknikoen Tailerra edota Forondako Aireportuko kafetegiaren kudeaketa.

Sozietatearen kapitalaren % 100 publikoa da eta gehiena Arabako Foru Aldundiaren eta lurraldeko zenbait tokiko erakunderen esku dago, besteak beste, Arabako Biltzar Nagusien eta Vitoria-Gasteizko, Laudioko, Oiongo, Aiarako, Arrazua-Ubarrundiako eta Burgeluko udalen esku eta, hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak ere Indesa 2010 sozietateko kapitala izango du.

Bai Eusko Jaurlaritzak, bai Vitoria-Gasteizko Udalak partizipazioak eskuratzea eskatu zuten Indesa 2010ekin duten zerbitzu harremana dela eta.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, guztira 1.000 euroko balioa duten hogei partizipazio eskuratuko ditu, eta era horretan, Indesa 2010 baliabide propiotzat jo ahal izango du, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren menpeko erakundeen zerbitzu baliabidetzat ere.

Orain arte, Indesa 2010 Arabako eta Debagoieneko ospitale publiko guztietako arropak garbitzeko zerbitzuaz arduratu izan da. Zehazki honako hauei ematen die zerbitzua: Arabako Erakunde Sanitario Integratuari, Txagorritxuko eta Santiagoko egoitzak eta kanpo kontsultak barne; Arabako Osasun Mentaleko Sareari, hots, Psikiatria eta Ospitalez Kanpoko Osasun Mentalaren Arabako Ospitaleari; Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratuari (Lezako ospitalea), eta Arrasaten dagoen Debagoieneko Ospitaleari.

Vitoria-Gasteizko Udalari dagokionez, nahiz eta 2014tik Indesako partizipazio bat izan, apirilean, osoko bilkuran, erabaki zuen guztira 1.950 euroko balioa duten 39 partizipazio gehiago eskuratzea, eta horri esker, sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluan parte hartu ahal izango du eta, ondorioz, baita ohiko kudeaketan ere.

Arabako Foru Aldundiaren enplegu zentro berezia Vitoria-Gasteizko hamabi bat gizarte etxeren garbiketa zerbitzuaz arduratzen da eta baita Arabako hiriburuko beste hainbat udal ekipamenduetakoaz ere, adibidez, San Prudentzio egoitzakoaz edo Santa María de Olárizu tutoretzapeko apartamentuetakoaz.