Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatua Indesa Enpleguko Zentro Bereziak kudeatzen duen nekazaritzako ustiategia ikusten izan da Arbulun.

Gasteiz, 2018ko maiatzaren 16a. Indesa 2010 Enpleguko Zentro Bereziaren lorezaintzako arloaren jardueren artean, nabarmentzekoa da, urte sasoi honetan eta duela hamabost urtetik hona, barazki landarea saltzea xeheka nekazariei eta baratzeak lantzen dituzten pertsonei. Aurten, maiatzean zehar eta ekaina erdialdera arte, era guztietako barazkien 150.000 landare inguru salduko dira, bereziki piperra, tomatea, pepinoa, lekak, kalabazina eta tipula.

Indesa 2010 sozietatean, Arabako Foru Aldundiak dauka partizipaziorik handiena, eta harekin batera, lurraldeko beste toki entitate batzuek. Sozietatearen xedea da dibertsitate funtzionalarekiko pertsonak lanean integratzea, eta 800 langile baino gehiagoko plantilla bat dauka, eta horietatik % 92 desgaitasunarekiko pertsonak dira.

Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak gaur goizean izan da Indesak Arbulun dauzkan instalazioak ikusten, Burgeluko udalerrian; nekazaritza ustiategi bat da, bi hektarea dituena kanpoko laborantza sailetan, eta 6.000 metro koadro berotegitan.

Ustiategi horietako laboreez hornitzen da Indesaren sukalde arloa, hala nola patata, tipula, porru edo buru-aza, besteak beste, eta 1.500 menu inguru ematen ditu egunero Arabako Foru Aldundiaren adinekoen egoitzetan eta desgaitasunen batekiko pertsonen egoitzetan, okupazio zentro gehienetan, Espejoko aterpetxean (Gazteriaren Foru Erakundearen mendekoa da) eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren aterpetxean. Gainera, 60 tona tomate inguru produzitzen ditu zenbait kooperatibei saltzeko handizka.

Arbuluko instalazioak Indesaren lorezaintza arlokoak dira, eta 50 bat lagun ari dira han lanean. Beste hamar pertsona ere badauzka, adimen desgaitasunarekiko pertsonentzako okupazio zentroetakoak, laguntzeko lanetan.

Indesaren lorezaintza arloak, Arbuluko instalazioez gain, lorezaintzako proiektuak eta mantentze lanak ere hartzen ditu, bere jarduera nagusia osatzen dutelarik. Gaur egun, Arabako ehun bat herritan du presentzia, batez ere lorategi publikoak zaintzen, eta Arabako Foru Aldundiaren aisialdiko gune guztiak zaintzeko ardura ere badu. Bere egitekoen artean, nabarmentzekoak dira landaketak, ureztaketa instalazioak, bulegoetako lorezaintza, belar mozte eta inausketak eta beste jarduera batzuk.